top of page

2008. urtean Euskararen Kontseiluko kideez osatutako lan talde batek Euskal Herriko edozein ikastetxetan aplikagarri litzatekeen hizkuntza proiektu eredu osatu bat sortzeko lanari heldu zion.

 

Proposamen horrek euskara ikastetxeko eremutik haratago zabaltzeko beharra adierazten zuen, besteak beste. Euskara eta haren erabilera sustatzeko herria eta auzoa ere inplikatu behar zirela azpimarratzen zuen. Eskolak ezagutza bermatu behar du baina  ezin da hizkuntzen irla izan eta ikasleek euskarazko espazio eta aukera berriak izan behar dituzte ikastetxetik kanpo.

 

Azken urte hauetan proposamen teoriko hori praktikara nola eraman definitzea eta horren gida sortzearen beharra aztertu genuen gure elkartetik.

 

Azkenean, tamaina eta inguru soziolinguistiko desberdinetako ikastetxe “piloto” batzuk aukeratzea erabaki genuen (Donostiako Aitor ikastola eta Dimako Ugarana herri eskola). Kontseiluaren proposamena oinarri hartuz, prozesu honen bukaeran edozein tokitan praktikara eramateko Hizkuntza Proiektu gida lortu nahi dugu. Edozein auzo/herrian martxan jartzeko tresna bilakatuko den gida.

 

2012/13 ikasturtean proiektuarekin lanean hasi ginen eta ikastetxeak eta Egia eta Dimako ikastetxe, eragile zein lan taldeen arteko elkarlana bultzatuz, gure inguruko hizkuntzetatik at, euskararen presentzia eta bultzada lortzeko bidean ari gara buru-belarri.

 

Dimako Ugarana herri eskolan eta Aitor ikastolan hizkuntza proiektua izango dena, Diman eta Egian, herri/auzoko hizkuntza plana izango da.

 

Ikastetxeko hizkuntza-proiektuak eremu pedagogikoa jasotzeaz gain, bereziki sustatu beharko luke auzo/herriko eragile, elkarte eta abarrekin egin beharreko elkarlana eta harreman-sareak sustatu eta zabaltzea du jomuga, bai, diagnosi garaian, bai, diseinu eta garapenean ere. Euskarararentzako espazio eta aukera berriak lortu behar ditugu  ikastetxetik kanpo, hauek emango bait diote euskarari zor zaion lekua eta, eskola eta aisialdiaren arteko koordinazioa ezinbestekoa bada ere, gizartea bera euskaraz murgiltzen saiatu behar dugu.

 

Ezinbestekoa da eskola-komunitatea osatzen dutenei (irakasle,guraso, langile, …) eta herri/auzoko eragile eta herritarrei orokorrean orain arte hizkuntza ereduak oinarri izan dituen hezkuntza-sistema zergatik gainditu behar den azaltzea. Alegia, hizkuntza-plana diseinatzeko abiapuntua zein den argitzea eta bestetik,  arrakasta izan dezan inguruneko eragileekin adostutako proiektua, eta koherentea izatea.

 

bottom of page